ARTE GARAIKIDEAREN ESKUTIK ANIZTASUNAREN KONTZEPTURA HURBILTZEN
Arte garaikideak bizi garen gizarteko gertuko gaiak
islatzen ditu, egun bizi ditugun errealitateko gaiak modu ezberdinetan
erakusteko aukera eskainiz. Hortaz, eztabaida politiko eta sozialerako gune
izateaz gain, hezkuntzarako baliabide pedagogiko gisa lagungarria izan daiteke
eta izan da, gu geu ikasle garen neurrian.
Egin dugun bidaia honetan zehar izan ditugun sentimendu
kontrajarriek aniztasunaren kontzeptu sozialera hurbildu gaituzte, guztiak
aniztasun horren parte sentiaraziz eta protagonista bihurtuz. Erakusketaren
gidaria, dinamika parte-hartzaileen bitartez, gure sentimendu, sentsazio eta
esperientzien bidelagun izan da; enpatia, zapalkuntza, pribilegio sentimendu...
kontrajarriak biziaraziz. Ezagutza denon artean osatzen joan gara, guztion
bizipenak lagungarriak izan direlarik hausnarketa sakonago baterako bidean.
Honekin batera, lagungarria izan zaigu gidariak artelanak aurkezterakoan
erabili duen modu librea; batetik, guri egindako galdera irekien bitartez
egitea eta bestetik, interpretazio pertsonalerako aukera eskaintzea artelanen
esanahira hurbiltzeko. Horrenbestez, irakasle izango garen heinean haurrei
galdetzea eta libreki interpretatzen uztea ideia garrantzitsua dela ohartu gara
haurrak ezagutzaz jabetzeko.
Aniztasunaren inguruko hausnarketa sakonera bideratu
gaitu bisita honek eta baita honen alderdi ezberdinez konturatzea. Alde
batetik, aniztasuna elkarrekin osatzen dugun zerbait dela jabetu gara eta
honako hau egunerokotasuneko gauza txikienetan ere aurkitzen dela. Nahiz eta
guztiok anitzak izan, aldi berean sentimendu berberak sentitzeko gai gara, nahiz
eta agian testuinguru ezberdinetan aurki gaitezken. Bidaia honetan, “arrotz”
sentimendua izan da protagonista eta aniztasunaren alde iluna ezagutzen lagundu
digu. Bertako artelan, eskultura, bideoak… gizakioi enpatizatzera eraman
gaituela ohartu gara, nolabait esateko, modu batean edo bestean berdin sentitu
izan garelako noizbait. Klikatu hemen
erakusketaren nondik norakoak ezagutzeko.
Bestalde, aniztasun hitza entzundakoan beti hitz, irudi
edo ideia politak etortzen zaizkigu burura, baina benetan honen alde ilunez
ohartzen al gara?
Ideia honi eutsiz, erakusketak aniztasunaren alde ilunak
ere erakutsi dizkigu: zapalkuntza, arrotz sentimendua, bazterketa,
bidegabekeria eta aurreiritziak, besteak beste. Libanokoa den Lara Tabeten
argazki ederrek adibidez, bortizkeria, pobrezia, esplotazioa eta hilketa
jasotzen ditu, edertasunaren bitartez aniztasunaren alde ilun hauek bistaratu
daitezkeela konturatzea kuriosoa izan da. Aniztasunaren alde ilunei buruz
gogoeta egiten jarraituz, geure buruari galdera bat planteatu diogu honen
inguruan: Haurrei errealitatearen alde ilunak bistaratzea komeni al da? kultura
desberdinak erakusten dizkiegunean folkloreaz, janariez, hizkuntzaz gain, alde
ilunak ere erakutsi beharko genizkieke? honen inguruko azterketa sakonago bat
burutzea interesgarria litzatekeela uste dugu.
Guzti honekin batera, ikusezinak diren lanak
bistaratzearen garrantziaz ohartu gara, ikusezina den oro kontuan hartu behar
baita ez izatearen arriskua ekiditeko. Ideia hau oso garrantzitsua da irakasle
lanbidean, batzuetan ikusezinak diren ezberdintasun horiek kontuan hartu gabe
geratzen baitira. Ideia honen inguruan, detaileen garrantzia ere
azpimarratzekoa da, momentuan gertatzen diren gauzetan arreta jartzeak duen
garrantzia hain zuzen. Haurrak “orainean” bizi dira, eta guk, momentu horri
erantzun behar diogu, momentu oro gertatzen diren detaile guztiei garrantzia
emanez eta denbora eskainiz.
Amaitzeko, irakasle identitatea eraikitzen
ari garen bide honetan, geure burua ezagutzea ezinbestekoa dela ohartu gara,
norberak bizi duena gela barrura eramango baitu. Estereotipatuak ditugun
aurreiritziak identifikatzea komeni da, hauen aurrean lan pertsonal bat egin
ahal izateko. Honetarako, tailer honek irakasle lanean dokumentazioak duen
garrantzia erakutsi digu, baliabide interesgarria baita geure burua grabatu eta
nola lan egiten dugun aztertu, ebaluatu eta hobetzeko.
Comentarios
Publicar un comentario