BORROKA AMAIGABEAK

Premia bereziak dituzten haur eta familien bizitzak askotan borroka amaigabeak dira. Haur hauen atzean bizipen zailak daude eta hori gutxi ez balitz, gizarteak ez ditu famili hauen beharrak asetzen. Honek, familia hauek bizi dituzten bakardade eta beldurrak areagotzen dituelarik.

Hunkigarria izan da Maitederrek eskaini digun hitzaldia, berak hezkuntza eremuan esperientzia zabala izateaz gain, behar bereziak dituen haur baten ama baita eta honek balio erantsia ematen dio eskaini dakiguken azalpen orori.

Gizarte zerbitzuek ez dute behar bezala erantzuten, eskolak oztopoak jartzen ditu etengabe eta herria bera ez dago prestatuta pertsona hauei modu egokian erantzuteko. Premiazkoa da familia hauei bizitza erraztea: zerbitzuak egotea, gizartea sentsibilizatzea, pertsonak inplikatzea… ezinbestean, gizartea hezi beharra dago!

Zentzu honetan, Hezkuntzak badu zeresanik eta ez dago beste aldera begiratzeko aukera gehiagorik. Hezkuntza sistemak famili hauei erantzutea derrigorrezkoa bihurtu da. Inklusioa prozesu bat dela onartuta ere, praktikan esperientzia batzuk ematen direla erakutsi digu Maitederrek. Hauek eredutzat hartu eta hauetatik ikastea etika kontua da, jada ez dago aitzakiarik, gure esku dagoen guztia egiten hasteko garaia da. Gainera, jakina da eskola-ikasgela inklusibo batean dauden haur guztiak beren bizipenekin gizarteratuko direla eta nahitaez eraldaketan eragingo dutela. Ideia honen inguruan hausnartzen laguntzeko ondorengo laburmetraia ikustera gonbidatzen zaituztegu:


Eskolak esan eta egiten duenak gurasoen bizitzan eragin zuzena du, hau da, irakaslearen lanak proiekzio zabala du, honek eskatzen duen erantzukizun guztiarekin. Maitederrek familia eta haur hauei erantzun egokia emateko gakoak azaldu dizkigu:

·    HHko irakasleek haurren garapenean espezialistak izan behar dute izan ere, etapa horretan lehenengo detekzio fasean aurkituko gara.  Garaiz egiten den esku-hartzeari esker haurrak izan ditzakeen ondorioak murriztu daitezke.
· Hezkuntza sistema, eskola, irakasle… eraldaketa. Egoera hauek baliabideak  eskatzeaz gain, pertsona eta profesional moduan inplikatzea, modu kooperatiboan lan egitea eskatzen du.
·   Haurra eskolan ondo egoteak, herrian eta kalean besteekin interakzioan ondo egotea ekarriko du.
·  Testuinguru eta gizartea prestatu behar da: inklusioa ez da bat-batean sortzen den zerbait, landu egin behar da eta honetarako kontzientziatu, prestatu, formatu eta hezi egin behar du.
·   Gainerako haurrek, haur hauek zer behar duten sentitzen dute, eta honen arabera behar duten hau ematen diete. Oso garrantzitsua da beste haurrekin interakzioa izatea.
·      Irakasleak determinanteak dira haur eta familia hauen bizitzetan. Malguak izan behar dira, haur hauen ordutegiak murrizten, gustatzen zaizkien ikasgaietan beste taldeetan egoten uzten… Aldaketa guzti hauek posible direla jakitea eta familiei transmititzea irakasleen ardura da. Familia askok ez dakite gauza hauek egin daitezkeenik.
·      Irakasleak bere espektatiben inguruan hausnartzea garrantzitsua da, familiei lagundu behar die, beraien seme-alabek interakzioa behar dute, eta familia eta irakasleak elkarrekin egin behar dute bidea.
·   Haurra ere espektatiba batzuekin doa eskolara eta betetzen ez badira frustrazioa, porrota gerta daiteke.

Aipatu ditugun ideia guzti hauekin batera, amaitzeko, familiak eskolan ongietorriak sentitzea oso garrantzitsua dela nabarmendu nahi dugu, bai ikastetxean eta baita ikasgela barruan ere. Aimar bezalako haur bat eskola arrunt batean eskolaratzeko garaian, ezinbestekoa da egiten zaion aurkezpena egokia eta ona izatea, bai haurrei eta baita irakasleei aurkezterakoan ere. Aurkezpen honek ikusezinak diren ezaugarrietan oinarritu behar du, hau da: asko gustatzen zaio lagunekin egotea, oso alaia da, jatea asko gustatzen zaio, gelara sartzean beti parrez hasten da… Izan ere, ikusgarriak diren ezaugarriak esateak ez du inolako zentzurik, ezaugarri hauek ikusi egiten direlako, begi-bistakoak direlako: Aimar gurpildun aulkian dago, ez du hitz egiten… Horrelako aurkezpenak ekidin behar dira!!!

Bestalde, haurren ebaluazioa positiboa izatea oso garrantzitsua dela aipatu du Maitederrek. Ebaluazioa haurren lorpenetan oinarrituta egotea ezinbestekoa da, honi esker gurasoei haurra ezagutzen dugula demostratzen baitiegu. Aurkezpenean bezalaxe, ebaluazioan ere gurasoek ez dakizkiten gauzak aipatu behar dira, gurasoek haurrek egiten ez dutena oso ondo baitakite.

Azken finean, eskolak familiekin elkarlanean, haurrak pertsona moduan onartu eta norbera izateko aukera eskaini behar dio, beti ere haurren mundu batean eta besteekin interakzioan. Hau lortzeko, EAEn hezkuntza premia bereziak dituztenentzat hainbat baliabide eskaintzen dira. Lehenik eta behin, osasun sistema (EAEn, Osakidetza) aurkitzen da. Bertan azterketa fisikoak eta psikologiko/psikiatrikoak, eta haurraren inguruko patologia egiten dira. Ondoren, gizarte sistema aurkitzen da: haur batzuk, esateko, harrera etxeetan aurkitzen dira, eta honi esker haurren ongizate sistema bermatzen da. Kasu hauetan, haurrak, EAEn, Foru Aldundiak tutelatzen ditu, eta ebaluazioak honi eskaintzen zaizkio. Aldiz, haur baten oinarrizko beharrak ez badaude beteta, udaletxearen eskumena da.

Azkenik, eskola aurkitzen da. Bertan ere baliabideak aurki ditzakegu haurrak zein nolako beharrak dituen ikusteko. Gure hezkuntza sisteman bete beharreko hiru ziklo daude: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza. Bestalde, heziketa bereziko zentroak daude. Aldiz, kasu batzuetan ohiko eskola eta espezializatua konbinatu egiten dira eta honi eskolarizazio konbinatua deritzo.

Eskolaren barruan, kulturartekotasuna lantzeko programa zehatzak, bidelaguna programa (bizikidetza), eskolara egokitzeko arazoak dituzten haurren programa, eta curriculum dibertsifikazioa aurki ditzakegu, besteak beste. Elementu guzti hauek eskolaren nortasuna zehazten dute. Hala ere, guzti honez gain, beste profesional batzuk aurkitzen dira nahiz eta batzuk eskolan bertan aurkitzen ez diren batzuetan, hauek barrukoak eta kanpokoak izan daitezke.

· Barruko espezialistak: eskolan laguntzeko espezialista (PTa) entzumen eta mintzameneko espezialista (logopeda), irakasle orientatzailea, eta hizkuntza erreforzatzeko espezialista (IPIa).
· Kanpoko espezialistak (Berritzeguneak eskaintzen dituenak): pedagogia terapeutikoko hezitzaileak eta aholkulariak.
·    Beste zerbitzu batzuk: fisioterapeuta, adin txikiko zentroak, pedagogia ospitalarioa (Jaurlaritzaren eskumena eta Berritzeguneak ikuskatu)...

Honenbestez, argi dago eskola batean inklusioa lortzeko eskolak baliabide ezberdinak eskura izateaz gain (nahiz eta hau, batzuetan, ez dagoen eskolaren esku), familien eta komunitatearen parte hartzea ezinbestekoa dela. Azken hauek ere hezi behar dira, inklusioa lortzea guztion lana baita: ikasle, irakasle, familia, eragile, komunitate eta gizarte osoarena.

Comentarios

Entradas populares de este blog

ÚLTIMO POST DE TIC

EZIN DUGU GIZARTE UTOPIKOAREN ZAMA HAURRENGAN UTZI

UNDÉCIMO DÍA DE CLASE. 15 de Abril. Último día de clase