EZIN DUGU GIZARTE UTOPIKOAREN ZAMA HAURRENGAN UTZI
Azkeneko bost urteetan transexualitatearen
inguruan ume batzuk ezagutza berri bat ekarri dute gurera. Hau ulertzeko
garrantzitsua da begiak eta belarriak irekitzea, gutxi hitz egin eta asko
behatu eta entzutea. The
Light - Holly Siz bideotik begiradaren garrantzia azpimarratu beharra dago;
gurasoen begirada, ikaskideena, kaleko pertsonena etab. Haur hauek etengabe
pairatzen duten errealitatea da eta kontuan izan behar dugu begiradek epaitu
egiten dutela haurra. Haur transexualen kasuan, egiten duten hori ezin dutela
egin jasotzen dutela uneoro. Gure eskoletan haur guztiei ateak ireki behar
dizkiegu, bakoitza den bezalakoa izateko aukerak eskainiz.
Haurrak txikiak direnean “Mozorroen txokoan”
jolas sinbolikoa gauzatu dezakete eta bertan nahi duten hori izateko aukera
dute, baina hazten doazen heinean askatasun hori galduz joaten dira.
Horregatik, etorkizuneko irakasleek ardura handia dute; egoerak landu eta
aukerak eskaini bakoitza den hori izateko eta nahi duen horretan hezi eta
hazteko. Gaur egun bolo-bolo dabilen gaia izanik, dilema handia suposatzen du
ondorengoak: Zer da mutila izatea? zer da neska izatea? zer esan nahi du
horrek? zergatik naiz mutila edo neska?
Gauza bat ikusten duguna da eta bestea
pertsona hori zer den. Gizarte honetan beti sailkapen bat egiten dugu sexuaren
arabera: neska edo mutila. Gainera sailkapen hori ekografian bertan egiten da;
zakila dauka edo ez dauka. Horren arabera, jaiotzen garenetik hazten eta hezten
gara modu jakin batean eta pertsona horrek normalean mugak edo oztopoak izaten
ditu bere izaera propioa garatu ahal izateko. Gehienetan sexu batekin
erlazionatutako ezaugarriak ditugu; hala nola, bizarra, titiak etab. Hala ere,
ezaugarri hauek emakume eta gizonezkoek partekatu egiten ditugu neurri handi
batean eta gizarteak inposatu du soilik ezaugarri maskulinoak gizonekoenak
izatera eta femeninoak aldiz, emakumezkoenak. Hau ez da horrela errealitatean,
intersexualak baikara. Guzti honek aniztasuna sortzen du eta sexuazioak
ezaugarri maskulino eta femeninoen nahasketa bat egiten du, horrela pertsona
anitzak sortuz.
Haur hauek bizi duten sufrimendua beraien
identitatea ukatzen den momentutik ikaragarria da eta daukaten indar, kemen eta
esfortzu guztia jartzen dute beraien identitatea onartua izateko. Haurren
identitatea ukatzen den heinean, beraien identitatea oihukatzen saiatuko dira
arroparen bidez, adibidez. Identitatea aitortua den heinean, oihu egiteari
utziko dio. Ibilbide horretan hainbat aspektu erreprimitzen dira. Etxe askotan,
“zuk ezin duzu neska izan zakila duzulako” esaten zaie. Honek beraien gorputza
gorrotatzera eramaten ditu. Ez bazaie beraien gorputza ukatzen ez dute zertan
arazorik izan beraien gorputzarekin. Nik ezin badut izan naizena daukadana
dudalako, ez dut eduki nahi daukadana naizena izateko. Horrez gain,
batzuetan ez da nahikoa haurrari nahi duena izaten uztea, beharrezkoa da guk
haurra den hori ikustea. Alai mutil bat bezala ikustean, ez zuten bera ikusten.
Transitoa egin behar izan zuten haien begiradan. Gainera, ingurukoei gertatzen
dena azaltzea beharrezkoa da, haurra den bezalakoa ikusteko eta den bezala
tratatzeko.
Etorkizunean haurrak zaindu, hazten lagundu
eta heziko ditugu. Beraz, ardura handia dugu honetan. Alde batetik, ikasgelak
leku segurua izan behar du haurrentzat eta bestetik, irakasle gisa, ez ditugu
epaitu behar haurrak, gaiaren inguruan informatu behar dugu eta gurasoak
beraien seme-alaben bidelagun izateko ahalegin guztia egin behar dugu. Haur
horiek gurekin daudenean izan dezatela arnasgune bat eta sentitu daitezela
maitatuak eta babestuak. Laburbilduz, etorkizuneko irakasleon lana da,
aniztasuna balorean jartzea eta ikasgelan modu egokian lantzea ikasle
bakoitzaren errealitateari modu egokian erantzunez gizarte utopikora iritsi
bitartean.
Comentarios
Publicar un comentario