HAURREN MUNDUAK BIZI DUTEN ERREALITATEA ISLATZEN
Jakin badakigu, eskolara joateko aukera
izatea eta hezkuntza jasotzea oinarrizko eskubide bat dela eta ez lukeela gutxi
batzuk bizi dugun pribilegioa izan behar. Film labur baina intentsu honetan
argi ikus daiteke oinarrizko eskubide hau ez dela aitortua, kultura dominanteak
kultura gutxituarekiko duen boterea eta gizarte matxista baten eredu argia
emakumeek diskriminazioa pairatuz.
Haurren munduak gerran edo gatazkan dauden
herrialdeetan bizi duten errealitatea islatzen du, gudetara jolastuz,
indarkeria normaltzat hartuz, mutilek nesken gaineko boterea erakutsiz… eredu
direnetatik ikusten dutena ikasi eta imitatzen baitute. Guk bizi dugun
errealitatearen inguruan hausnartu eta kuestionatzeko aukera eskaintzen digu
pelikulak.
Alde batetik, nahiz eta protagonistak bidean
etengabe trabak eta oztopoak aurkitu emakumea izateagatik, dirua ez
edukitzeagatik eta abar, zailtasun guztien gainetik bere helburua lortzeko,
hots, eskolara joateko eta beharrezkoa duen materiala lortzeko egiten duen
ahalegina, eta duen borondatea (nahia, ilusioa, pasioa, motibazioa…)
azpimarratzekoak dira. Aipatu, bi protagonisten arteko laguntasuna eta
elkarrekiko laguntza ere ezinbestekoak direla Baktayek, protagonista nagusiak,
dena jolas hutsa dela uste baitu.
Bestetik, hezkuntza sistema tradizionala
etorri zaigu gogora. Izan ere, eskolan mutilak eta neskak banatuta ikasten dute
eta altzariak ez daude haurrentzat egokituta. Gainera, kasu honetan,
baliabideen eskasia eta ikasteko espazio aproposen falta oso argi islatzen dira
filmean. Horrez gain, irakaslea autoritarioa eta ahalguztiduna da zigorraren
metodoa erabiliz, hark du ezagutza guztia eta haurra subjektu pasiboa da.
Helduek haurrengan duten arduragabekeria ere aipatu nahi genuke.
Ildo beretik jarraituz, hezkuntzak,
oinarrizkoa den eskubideak duen garrantziaz ohartzeko baliagarria izan daiteke
pelikula, honek askatasunean eta emakumeen ahalduntzean duen eragina
nabarmenduz.
Azkenik, irakasle den edo izango den oro
animatuko genuke film hau ikustera, haurra ikusteko eta ulertzeko modu eta
ikuspegi ezberdin bat erakusten digulako. Protagonistaren erabakitzeko
gaitasuna, duen boterea eta borondatea azpimarratuz, eta hark duen autonomia
eta irudimena nabarmenduz.
Nahi izanez gero, hemen duzue hausnartzera
bideratu gaituen filma:
Comentarios
Publicar un comentario