IPUINEKIN ANIZTASUNERA BIDEAN
Ukaezina da literaturak eta ipuinek
haurrengan duten garrantzi eta eragina, eta nola ez, horretxegatik, Haur
Hezkuntzan ezinbesteko material edo baliabide dira. Haurrek ipuinekin eta
ipuinez disfrutatu, gozatu, imajinatu, eta sortzeaz gain, hauen bidez ere asko
ikas dezakete, eta ikaskuntza hau zuzenekoa izan daiteke baina baita zeharkakoa
ere. Hortxe dago gakoa, zeharkako ikaskuntzan.
Zenbait gai hitzez landu daitezkeen arren,
ipuin batean askoz ere hobeto islatu daitezke eta honi esker hainbat balio
irakatsi, “oharkabean”. Gure kasuan, gai nagusia aniztasuna izan da,
orokorrean, eta ipuin ezberdin hauei esker aniztasun mota asko landu ditugu.
Ipuin hauek irakurri ondoren aniztasunaz dugun ideia zabaldu dugula esango
genuke, izan ere, aniztasuna eguneroko gauza txikienetan ere badagoela ohartu
gara. Arraroa, Munstro arrosa eta Hodeiekin dantzan ipuinetan adibidez,
gaur egungo auzoetan dagoen aniztasunari egiten zaio erreferentzia.
Bestalde, gaur egungo gizartean ezberdin
izateak ekartzen dituen zailtasunei aurre egiteko, Tximeleta belarriak ipuina
interesgarria izan daiteke bakoitza den bezalakoa onartu eta egoera horietan
erantzuten laguntzeko.
Hala ere, nahiz eta desberdinak izan gauza
askotan berdinak garela ulertzeko Goikoak eta behekoak ipuina
lagungarria izan daiteke; baita, desberdintasunak modu aberasgarrian ikusteko
ere. Azken ideia hau lantzeko Elmer eta Zuria izan nahi zuen hartza
ipuinak interesgarriak izan daitezke; izan ere, talde bat osatzeko denok gara
beharrezkoak eta bakoitzaren ezaugarriak funtsezkoak dira taldearentzat.
Landu ditugun ipuinetako batzuk gai
zehatzagoetan sakontzeko aukera eskaini digute; hala nola, familia eredu
ezberdinei buruz (Tango), zaintza eta adopzioari buruz (Nik ere nahi
nuke mango bat), transexualitateari buruz (Jazz naiz),
produktibitatearen aurrean beste balio batzuk lantzeari buruz (Frederic)
eta abar.
Azkenik, aipagarria iruditu zaigu nahiz eta
ipuin batzuk osotasunean guztiz egokiak ez iruditu, gelan ikusi dugun bezala,
aldaketa batzuk egitearekin batera, moldatu eta aproposak bihur daitezkeela, Jazz
naiz (estereotipoak eta rolak oso markatuak) eta Zuria izan nahi zuen
hartzaren (zaintza amari soilik lotzen zitzaion) kasuetan ikusi bezala.
Eskolara begira lanketa bat egiteko Hamaika
andere ausart ipuina aukeratu dugu. Aniztasunari begira gai ezberdinak
jorratzen ditu: edertasunaren estereotipoak hautsi, emakumeak ausardiarekin
lotu eta herrialde eta kultura ezberdinak ezagutzeko aukera ematen du. Horrez
gain, irakurketarako aproposa da, zenbakiekin eta errimekin jolasteko aukera
ere eskaintzen baitu.
Gure proposamena honako hau da:
Lehenengo pausua ipuina irakurtzea eta honako
hau lantzea izango litzateke. Irakurri ondoren, ipuinaren inguruan galdetu eta
ipuina komentatuko genuke. Horrez gain, inguruan dituzten emakume ausartengatik
galdetuko genieke. Azkenik, haurren proposamenetatik abiatuta emakume
ezberdinak gonbidatuko genituzke eskolara egun ezberdinetan, beraien bizipen
eta bidaiak gurekin partekatzera. Garrantzitsua da esperientzia hauek mota
ezberdinetakoak izatea haurrek proposatutakoaz gain, aukera ezberdinak eskolara
ekarriz aniztasunaren gaia bere osotasunean lantzeko (aisialdian egindako
bidaiak, gatazka ezberdinak direla medio behartuta egindako bidaiak, lanagatik
egindako bidaiak…).
Eta hau hala bazan edo ez bazan, sar dadila
kalabazan eta atera dadila eskoletako ipuin txokoan...
Comentarios
Publicar un comentario