BEGIRADA ANITZAK TAILERRAREN LAGUNTZAZ ORAIN ARTE LANDUTAKOAREN ERREPASOA EGINEZ…
Hitz egin dezagun aniztasun kontzeptua/k gure
gizartean hartzen ari den balio eta indarraz. Errealitatea bera anitza
denez, eguneroko bizitzaren parte dela eta bizitzaren esperientziaren muinean
dagoela ohartu behar dugu. Hortaz, aniztasunak dena zeharkatzen du: gizartea
(adina, sexua, klasea…), gorputzak (gizenak, argalak, altuak, baxuak…), natura,
azalak, genero identitateak, orientazio sexualak, auzoak, herriak, hizkuntzak
eta abar. Kultura faktore ezberdinak gehitzearen ondorioa den moduan (ez
estatikoa ezta aldaezina ere), aniztasuna ere eraldatzen dago uneoro, testuinguru
eta garai ezberdinetara moldatzen doa eta konstrukzio sozial bat denez,
eraikitzen den bezalaxe, deseraiki ere egin daiteke.
Beraz, aniztasuna ona, beharrezkoa eta
aberasgarria da. Teoriatik haratago, modu praktikoan ezberdinen arteko
hartu-emanak, aniztasun hori guztia bizitzeko eta elkarbizitza hobetzeko tresna
bihurtzen dira, aurrera egiten eta egokitzen lagunduz. Modu honetan, eskola
gizarte kohesiorako lehenengo elkargunea eta oinarria denez, ikasgelak anitzak
izateak haurrak etorkizunerako prestatuko ditu.
Aipatzekoa da globalizazioak eta
mundializazioak desberdintasunarekin eta hetereogeneotasunarekin parez-pare
jarri gaituela. Hain agerian dagoen aniztasun horrek mesfidantza, segurtasun
falta eta ezinegona eragin du guregan eta honen inguruko interes hegemonikoek
sentimendu hori areagotzea eragin dute, aniztasuna arazo bilakatuz eta
bestearekiko aurreiritzi eta estereotipoak sortzea eraginez. Beldur eta
ezinegon horrek, gutako bakoitzak bere ibilbidean zehar sozializazioaren bidez
jaso dituen parametroen arabera beste horiek alderatzera (jarrerak,
egiteko moduak, pentsamenduak…) eraman gaitu eta alderatzetik, gutxiestera,
ezberdina dena gaizto, txarra eta arazo bihurtuz. Gainera, jakina da, ditugun aurreiritzi
eta estereotipoak, homogeneotasunaren parte izateko hezten gaituztela eta
pertenentzia sentimenduak, prozesu horretan (desberdina dena arazo bihurtze
prozesuan) eragina dutela eta “norma”-ren parte izatera bultzatzen
gaituela.
Argi dago, gaur egun denei berdinak izateko
hezten gaituztela, eta hezkuntza hegemoniko hau aniztasunaren zapaltzaile
historikoa izan dela. Gure identitate propioa eraikitzerako garaian, identitate
zurrun bat eraikitzera eramaten gaitu sozializazioak, gizarte estruktura zehatz
bat mantentzeko, eta horrela gizartearen kontrol handiagoa edukitzeko. Aldiz,
hau ez da guztiz egia. Izan ere, kultura edo identitate berdin bat dugun orok
ere ezberdin sentitzen dugu, ezberdin ulertzen dugu, ezberdin pairatzen dugu…
Azkenean, gure artean ezberdintasunak ditugu.
Homogeneo izateko ideia horren ondorioz,
“bestea” edo “arrotza” den hori gure kulturan integratzera bultzatzen dugu.
Hala ere, ez dugu kontuan izaten, integrazioa berdintasun eta lehiakortasun
printzipiotan oinarritzen dela. Ez gara ohartzen integrazioak “ezberdin” hori
onartu egiten duela, baina ez aitortu. Ez du ahalbidetzen pertsona hau
taldearen parte izatea eta taldean identifikatzeko aitorpena. Pertsona honen
erdigunean egokitzapen zailtasunak eta limiteak aurkituko dira, ez baitira
kontuan hartzen bere singulartasuna eta subjektibotasuna. Azken finean, “beste”
horri, “ezberdina” den horri, gure artean ere partekatzen ez dugun identitate
homogeneo hori betetzea eskatzen eta exijitzen diogu.
Pertsona guztion ezberdintasunak kontutan
hartuz eta aitortuz denen arteko bizikidetza aurrera eramatea lortzeko,
aniztasunak sistema eta estrukturaren aldaketak martxan jarri beharko ditu,
ezberdina denari erantzun egokia emateko. Berezitasun subjektiboaren eskubidea
eta komunitate baten parte izatearen eta horrekin identifikatzearen eskubidea
betez, denon parte hartzea ahalbidetuko da.
Azkenik, nola ez, ezin aipatu gabe utzi
integrazioa inklusio bihurtzeko ideia. Izan ere, integrazioak subjektuari
berdintasunean bizitzeko beharrezkoak dituen eskubideak bermatzen dizkio. Baina
parte hartzeko, baloratua izateko eta taldearekin identifikatzeko baliabideak
eman behar zaizkio, aniztasunari modu inklusiboan erantzuteko. Beraz, inklusioa
etengabeko eraldaketa prozesu bat da eta modu inklusiboan jokatzeko, garaiari
eta testuinguruari egokitutako erantzun eta bide berriak eraiki eta sortu behar
dira. Modu honetan, ezberdina dena onartuz eta baloratuz, giza-aniztasunari
erantzuna emango dion gizarte baten eraikuntza ahalbidetuko dugu.
Etorkizuneko irakasle eta hezitzaile gisa
denontzako eskola bat lortzeko, pertsona guztiak maila berdinean baloratuak
direla sentitzeko lan egin behar dugu. Pertsona batek besteak bezain beste
balio duela sentitu behar du, eta horretarako ekitatea oinarri hartuta jokatu
behar da. Honek gatazkak egotea suposatuko du, baina hauek garapen pertsonal
eta soziala garatzeko aukera bezala ikusi behar ditugu.
Comentarios
Publicar un comentario