ARTEA GIZARTEA ERALDATZEKO TRESNA GISA
Gaur egun geroz eta gehiago hitz egiten da
gizartearen etengabeko aldaketaz, kultur aniztasunaz, inklusioaz, bazterkeriaz,
elkarbizitzaz… Azken finean, gizartea eboluzionatzen ari da eta eskola
gizarteak bizi duen errealitate aldakor honi erantzutea eta egokitzea
ezinbestekoa da. Hezkuntza ereduak egun dagoen errealitateari erantzun behar
dio: elkartrukeari garrantzia emanez eta gizartearen parte guztiei bere eragina
aitortuz. Hala ere, eraldaketa, poliki-poliki ematen den prozesu konplexua da
eta aldaketa indibiduala zein kolektiboa eskatzen ditu. Gizarte solidario,
justu, kritikoa… eraikitzea guztion erantzukizuna da. Hau lortzeko,
ezinbestean, gizartean ezarrita dauden harresiak (genero, koloreak, arrazak…)
bota, puskatu behar dira, aurreiritzi kulturalak eta genero estereotipoak
hautsiz, besteak beste.
Irakasle moduan, norberaren diskurtsoa
definitzea eta lantzea beharrezkoa da, gero ezarrita dagoena zalantzan jartzeko
eta modu kritikoan lan egiteko. Irakasleek beraien artean hitz egin,
ideiak partekatu, hausnartu… behar dute, ez soilik informazioa kontsumitu.
Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzak pertsona kritikoak sortzea du helburu, hori
lortzeko, irakasleak eredu izan beharko duelarik.
Jardunaldi hauek, metodologia artistikoak
Gizarte Eraldaketako tresna baliagarriak izan daitezkeela erakutsi digute. Tresna
artistiko desberdinen bidez gauza asko ikasi eta partekatu daiteke, ikasteko
beste modu bat eskaintzen dute, prozesutik eta taldetik ikasteko aukera emanez.
Arteak beste ikuspegi batetik begiratzeko aukera eskaintzen digu, hunkitu
egiten gaitu eta errealitate desberdinak errazago barneratzen laguntzen digu.
Errealitatean ematen diren gai zail eta potenteak modu errazagoan lantzeko
aukera eskaintzen digu. Arteak ikertzea, begiratzea, ebaluatzea, bilatzea…
dakar berarekin, eta begirada abenturan jartzeko aukera paregabea da.
Artea jolasa ere bada eta jolasak
hezkuntzaren esparruan aukera bikaina eskaintzen du gizarte eraldaketari
erantzuteko. Ideia hau azpimarratzeko, jardunaldietan aipatutako Francesco
Tonucciren hitzak ekarri nahi ditugu gogora: “Todos los aprendizajes más
importantes de la vida se hacen jugando”.
Bestalde, eraldaketa sozialean artearen
erabilera aitortua dagoen heinean, hezkuntzan eraldaketarako tresna moduan
ulertzea eta erabiltzea zaila izaten ari da. Hala ere, artea tresna eraginkorra
izateko ezinbestekoa izango da kalitatea bermatzea, artean lanean dabiltzanei
ardura aitortzea, testuinguru konkretura egokitzea…
Tailerrak oso aberasgarri eta interesgarriak
izan dira, jolasaren bitartez komikia, ipuina eta antzerkia landu baititugu.
Komikiaren tailerrean hainbat gauza ikasi
ditugu. Hasteko, komikia hitz egiteko era bat izan litekeela. Bertako
marrazkiek informazio asko eskuratzen lagun diezagukete, eta batzuetan ez da
bokadilorik edo ezer idazterik behar adierazi nahi dena adierazteko. Haur
Hezkuntzari begira, haur batek bizi duen egoera eta bizipenen isla izan liteke.
Izan ere, komikiak irudien bitartez kontatutako istorioak dira eta haien
bitartez umeek hitzez espresatzen ez dituzten gauza asko irudikatzeko aukera
dute. Komikia, sentsibilizaziorako eta gizarte eraldaketarako arte tresna
baliagarria da.
Ipuin tailerrean ere gauza asko ikasi ditugu.
Lehenik eta behin, esan behar dugu ipuinak oso baliabide eraginkor eta
aproposak direla emozio ezberdinak ezagutu, identifikatu eta lantzeko. Modu
ludikoan balore ezberdinak ezagutu eta lantzeko oso interesgarriak dira, hala
nola, errespetua, enpatia, elkarbizitza, etab. Haur Hezkuntzari begira, ipuinak
ezinbesteko baliabideak dira geletan eta haurrei asko gustatzen zaizkie.
Gainera, haurrei errutinak gustatzen zaizkienez, ipuinak beti berdin kontatzea
oso gustuko dute eta asko eskertzen dute, beti berdin kontatzeak segurtasuna
ematen baitie. Horrez gain, ezin dugu ahaztu ipuinen bidez bizi garen
errealitateko gai zail eta potente asko landu ditzakegula, bai zuzenki eta
baita zeharka ere: errefuxiatuen gaia, aniztasuna, inklusioa... Honek besteen
lekuan jarri eta pertsonak hobeto ulertzea ahalbidetzen duelarik.
Antzerki tailerrari dagokionez, bestearen
lekuan jartzeko tresna interesgarria dela ohartu gara eta baita enpatia
lantzeko egokia dela ere. Antzerkiak egoera desberdinak bizitzeko aukera ematen
digu, hunkitu egiten gara eta emozioak askatzeko aukera ere eskaintzen digu.
Eskolarako tresna interesgarria da, izan ere, honen bidez errealitate
desberdinak landu daitezke eta egunerokoan sortzen diren gatazkak bideratzen
laguntzen digu. Gainera, ezin dugu ahaztu antzerkia sentsibilizaziorako tresna
garrantzitsua dela, eta honi esker mezu ezberdinak transmititu daitezkeela.
Horrez gain, talde lana, protagonismoa... eta gauza ezberdinak landu daitezke.
Amaitzeko, irakaslearen rolaz arituko gara.
Izan ere, gizarte eraldaketari erantzuteko, irakasleak gela barruan duen
botereaz ohartzea oso garrantzitsua da, bera izango baita gelan dauden haur
guztien eredua, beraz, eraldaketarako ezinbesteko protagonista izango da.
Kontuan izan behar dugu, ume batzuk ikasketa emateko behar diren baldintza
guztiak ez dituztela betetzen. Eskolan testuinguru egoki bat eskaini behar zaio
haur bakoitzari erresilientziari tokia emanez. Horretarako, irakasleak bere
egiteko modua gelaren errealitatera egokitu behar du, haur bakoitzaren
errealitatea ezagutuz eta dimentsio guztiak kontuan hartuz (kognitiboa,
afektiboa eta soziala). Aitortzea kosta egiten bazaigu ere, haur batzuentzat
eskola da bere giza eskubideak bermatzen dituen testuinguru bakarra. Honekin
batera, irakasleak berak daraman “motxila” ere onartu beharko du eta dimentsio
hauek guztiak erregulatuak izan beharko ditu.
Azkenik, Ikastetxeak auzoarekin elkarlanean
aritzea garrantzitsua izango da, kolektibo ezberdinak kontuan hartuz, giza
eskubideak, bizi iraunkorra, genero parekidetasuna, elkarlana eta
kulturartekotasuna errespetatzeko. Ikaskuntzarako eta praktika inklusiboak
emateko, guztien oinarrizko eskubideak errespetatzea eta onartzea ezinbesteko
baldintza izango da.
Comentarios
Publicar un comentario